EU · EN

Gizapedia, giza eta gizarte zientzien entziklopedia

Gizapedia, Giza eta Gizarte Zientzien euskarazko entziklopedia

 

Gizapedia.org

 

(Josemari Sarasola Ledesma, Eneko Sarasola Telleria)

 

2016ko bukaeran arlo akademikoan diharduen lagun-talde baten eskutik sortua, Gizapedia giza eta gizarte zientzien arloan kalitatezko artikuluak biltzen dituen entziklopedia irekia da. 2023ko azaroan, euskaraz ia 6.000 artikulu biltzen ditu hainbat alorretan, hala nola antropologian, soziologian, filosofian, ekonomian, estatistikan, informatikan eta hizkuntzalaritzan. Euskaraz kalitatezko eduki akademikoa sortzea da gure eguneroko erronka, Internetetik informazio guztiontzat irisgarri eta irekia, zehatza eta, behar denean, sakona ere ematea, bereziki ikasle unibertsitariei begira.

 

Irisgarritasunari begira eta bilaketak errazteko, terminologia bereziki lantzen dugu, kontzeptu bakoitza termino egoki baina baita ere erabilienen bitartez izendatzen. Artikulu bakoitzaren hasieran definizio zehatza eta ulergarria ematen dugu, gero kontzeptua sakonago aztertuz eta beste kontzeptuekiko loturak zehaztuz, testu barneko hiperloturen bitartez eta loturiko artikuluen estekak proposatuz. Argigarriak direla kontsideratzen dugunean, testua laguntzen duten irudiak txertatzen ditugu. 

 

Aurkezpen zabala behar duten gaietarako, ikasliburuak ditugu, sarrera baten ondoren, gaia ikasgai moduan jorratzen dutenak, azalpen zabalen bitartez, adibide eta ariketekin, PDF dokumentu batean bilduak. Ikasliburuak ikastaro direlakoetan biltzen dira. Adibidez, estatistika alorreko ikastaroek milaka jarraitzaile izan dituzte urteotan zehar (ikus, https://gizapedia.org/ikasliburua-estatistika-eta-datuen-analisia). 

 

Egun, Gizapediak milaka erabiltzaile ditu egunero. Barne-inkestek erakusten duten datuen arabera, ikasleak dira erabiltzaile gehienak, baina gradu eta master amaierako lanak, tesiak eta monografien erreferentzia gisa ere erabili da (bilatu Google Scholar-en: Gizapedia). Google, Bing eta beste bilatzaileetan puntako kokapenetan agertzen dira bere artikuluak. Erabiltzaileek eskatuta, gaztelaniazko artikuluak sartzen ere hasi ginen 2020an, pandemia garaian: gaztelaniazko edukiek hartu duten bolumena eta bisita kopurua ikusita, beste webgune bat prestatu eta osatzen ari gara (ikusmira.org)  haiek guztiak hara eraman eta gaztelaniazko hiztunen eskura jartzeko, Gizapedia euskal entziklopedia gisa atxikitzeko. 

 

Gizapediako hiztegia ere osatu dugu, Hizkailua izenekoa (https://hiztegia.gizapedia.org/). Hiztegi egituratua da, hitzak eta lokuzioak biltzen dituena, eta definizioez gainera, kategoria gramatikala, etimologia, itzulpenak, audioak eta abar jasotzeko diseinatua. Egun 3.000 sarrera baino gehiago ditu. 

 

Etorkizunerako erronkak giza eta gizarte zientzien inguruan entziklopedia lantzen jarraitzea (ez da erronka makala!), baita hiztegia ere, bereziki giza eta gizarte zientzietako lokuzio bereziak txertatuz eta horrekin batera, ikastaroen eskaintza zabaltzea.

Univertsitatea edo erakundea: 
ehu
Ikerkuntza taldea: 
-
Autorea: 
JM Sarasola Ledesma, Eneko Sarasola Telleria
Emaila: 
josemari.sarasola@ehu.eus