Euskarazko komunikabideen audientzia azterketarako datu zientzia
Euskal Hedabideen Behatokia (behategia.eus) euskarazko komunikabideen ikerketarako espazioa da. Behategia 2016an sinatutako hitzarmen batetik abiatu zuten Hekimen elkarteak, EHUk, DUk, MUk eta UEUk.
Euskarazko komunikabideak eta komunikazioa ikergai gisa hartuta, hedabideen kontsumoa eta erabiltzaileak ezagutzeko xedez planteatutako ikerketek osatzen dute NOR Ikerketa Taldearen Behategiko analisi eremua. Ipar horrekin, Behategiak orain arte egiten zuen audientzia ikerketa klasikoa datu zientziarekin gurutzatzen hasi gara, eskuragarri dauden datu multzoei esker. Horrek diziplina arteko begiradak eta big data uztartzeko aukera ematen digu.
Jarraian azaltzen dira abian diren hiru proiekturen nondik norakoak:
- BEHA
Euroeskualdeko (2021, 2022) hiritartasuna deialdiari esker abiatutako BEHA ikerketa-lerroak euskarazko hedabideetan datuen kultura sustatzea du helburu. Marko orokor horri bultzada bat emateko, 2024tik aurrera azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa konbinatuta, datu kulturaren gako-adierazleak identifikatuko dira euskal hedabideen egoera ebaluatzeko; eta behin diagnostikoa ezagututa, datu kultura bultzatzeko baliabideak eskainiko zaizkie komunikabideei —hala formazioa nola datuen analisiak—.
Azken hiru urteetan, halaber, datu analitikoen bilketarako tresnen diseinuan eta garapenean jarri da arreta. Lehenengo mugarri gisa, duela lau hilabete euskal hedabideen web–analitika datuen jarraipena ahalbidetzen duen panel interaktiboa (BEHA panela) jarri zen martxan —60 komunikabidek haien Google Analytics kodeak biltzen duen web trafikoa nahieran kontsultatzeko eskura duten panela, eta hilero-hilero modu estandarrean txosten forman jasotzen hasi direna— (Mimenza, 2023). Hurrengo urratsa izango da software librean oinarritutako garapen propioko ingurune digital osoko panela sortzea (Behategia Analytics), zeinetan, web-analitikaz gain, sare sozialen trafikoa ere neurtuko den. Horrek euskal komunikabideen audientzia azterketa digitala egitea ahalbidetuko du. Bi tresna horien garapen-, mantentze- eta eguneratze-lanez gain, Behategiaren erronketako bat da denbora errealeko trafiko-datuen jarraipena ahalbidetuko duen panela diseinatzea.
- Di—Datu integralak
Jose Ignacio Ruiz Olabuenaga ikerketa-bekari esker (Burreso et al., 2023), Behategian analisi matematikoa txertatzea lortu da DI—Datu integralak proiektuaren bitartez. Ikerketa-lan horretan, datu-base ezberdinak fusionatzeko metodologia bat garatu da, eta metodologia horren aplikaziorako pilotu gisa Estudio de audiencia de medios (CIES) eta Ikusiker panelaren (Ikus-entzunezkoen Behategia) datuak fusionatu dira. Aurrera begira, bidean daude beste fusio batzuk; esaterako, CIES eta Inkesta Soziolinguistikoaren datuak bilduko dituena.
Fusioez gain, machine learning tekniken erabilpenak audientzien azterketa analisi prediktibo eta preskriptiboaren bitartez egitea ahalbidetu du. Horren adibide dira Hegoaldeko hedabide tradizionalen kontsumitzaileen profilen clustering-a, hedabide horien kontsumoa aurresaten duen modeloen eraikuntza eta kontsumoan eragiten duten aldagaien identifikazioa (Burreso, 2023).
- Komunikazioaren azterketarako datutegia
Datutegia (Behategia, d. g.) euskarazko komunikazioaren inguruko datuak batzen dituen datu-bilduma da: adierazle soziodemografikoak, ekoizpen datuak, audientzia datuak edota euskal hedabideen direktorioa ditu kontsultagai egun. Datu-bilduma hori osatzea eta eguneratzea da erronka, corpus hori analisi gurutzatuetarako baliatzea eta baita ezagutza-iturri izango den datu-base erabilgarri gisa konfiguratzea ere (Amezaga, 2022; Martinez, 2023).
Proiektu guztien atzean asmo argia dago: komunikazioari buruz modu irekian zein hedabideen eskura dauden datu-multzo handiak —izan modu irekian edo hedabideen eskura— euskarazko produktuen kontsumoa sustatzeko baliatzea; bidean euskal hedabideen sektoreari baliabideak emanez, hizkuntza politiken diseinuan lagunduz, eta maila akademikoan ezagutzan sakonduz.