EU · EN

Frankismoko Euskal Herriko eskola-kulturak UPV/EHUko Hezkuntzaren Museoko eskola-koadernoetatik abiatuta

Azken hamarkadetan, historiografia orokorra aldaketa esanguratsuen baitan kausitu da. Besteak beste, bira linguistikoak eta bira kulturalak historia aztertu, pentsatu eta interpretatzeko moduetan eragin du. Hezkuntzaren historiografia ez da eraberritze hauetatik at geratu eta, historia kultural berria (Viñao Frago, 1995) nahiz historia kontzeptuala (Vilanou, 2006) lagun, iraganeko eskola-kulturak aztertzeko gero eta joera nabarmenagoa erakutsi du. Historiaren antropologia horri hezkuntzaren historiari atxiki izanak, ikastetxek eta kolegioak barrenetik aztertzeko eskaera dakar, hau da, hezkuntzaren “kutxa beltza” deitu izan zaiona zabaltzekoa (Braster et ál, 2011). Horretarako parada ezin-hobea eskaintzen digu hezkuntzaren museoetan aurki daitekeen hezkuntzaren ondare historikoak eta, bereziki, hau osatzen duten eskola-koadernoek. Izan ere, kaieretan aurki daitezkeen haur-ekoizpenek, beste eskola-material batzuen aldean, ikasgeletan egin ziren zenbait alderdi aztertzeko aukera ematen dute. Besteak beste, ariketak, errituak, eskolaren diskurtsoa, curriculum ofizialaren eta ezkutuaren aztarnak (Castillo Gómez, 2010) edota jakintzen hierarkia presentzia daitezke bertan (Gvirtz, 1995; Chartier, 2009), eta kasu batzuetan baita emozioak eta eskolaz gaindiko gertaerak ere (Martín Fraile & Ramos Ruiz, 2017).

EHUko Hezkuntzaren Museoko corpusaren aberastasunak, frankismoan zehar Euskal Herrian zeuden eskola-kulturaren alderdi ezberdinak analizatzeko parada eskaintzen digute. Kaier-bilduma horretan kausi ditzakegu 1620 koaderno ingurutik, 418 bederen Hego Euskal Herrian osaturikoak dira. Azken zifra horretatik 161ek euskarazko edukiak  dituzte: 142 euskal etxe-eskoletan eginak dira, 2 Elbira Zipitriak berak idatziak, 1 Beasaingo San Martin kolegioan osaturikoa, eta 19 “Orereta Gazte” aldizkariak dira, 1970. hamarkadan Orereta Ikastolan ikasleek osatzen zutena. Gainera, hautaturiko testuingurua nola pedagogikoki, hala ideologikoki, zinez interesgarria da, etxe eskolek nahiz ikastolek euskara eta euskal kultura bultzatzeko eredua izaki, beren hautu pedagogikoekin ere eskola frankistarengandik bereizi baitziren (Zabaleta Imaz et ál, 2015).

Honaino helduta, haur ekoizpen horien bidez frankismoko eskola-esperientzia eta eskola-kultura ezberdinetan barneratzea eta horietako bakoitzaren berezitasun pedagogiko eta ideologikoak aztertzea da helburua. Horretarako, frankismoan Hego Euskal Herriko eskola-koadernoetako haur ekoizpenen analisi deskriptibo bat egiten dihardugu, non ikasgaiek eskola bakoitzean zuten pisua, hauek hartzen zuten aldaerak eta irakaslearen edota testuliburuen bitartez helarazten ziren mezuak ikus baitaitezke. Baina, esklusiboki ikasgeletako ekoizpenei erreparatu beharrean, erabiltzen ziren koaderno motak eta beren ezaugarriak ere aintzat hartzen ari gara analisi honetan, zeren eta, kaier mota bakoitza eskola-, argitaletxe- eta idazketa-material bat den heinean, jakintzen produkzioan eta transmisioan parte hartzen du bere egituraketaren bidez. Guzti horrek, eskoletan praktikan jarri ziren esku-hartzeek zein sustatutako jakintzek ala eskola-diziplinek dituzten berezitasunak aditzera emateko abagunea eskainiko digu, betiere, testuinguru historiko eta sozialarekin atonduta eta beste autore batzuen teorien laguntzaz interpretatuta.

Azkenik, emaitzen analisian eta interpretazioan gabiltzalarik, eskola-kulturak hiru taldetan banatuta –eskola nazional-katolikoak, Zipitriak bultzatako etxe-eskolak eta Orereta Ikastola–, gaingiroki azaldutako ditugun hiru interpretaziotara heldu gara dagoeneko. 1)Ideologia hezkuntzan: oro har, eskola nazional-katolikoan eta etxe eskoletan transmisio ideologikoa, baliabide pedagogiko ezberdinen bitartez ematen bazen ere, esplizitua zela 70. hamarkadako ikastolaren aldean, non testu libreen ekoizpenen bidez ikasleen pentsaera ikus baitaiteke. 2)Berrikuntza pedagogikoa: eskola ofizial batzuetan pedagogia aurrerakoi batzuk nabari diren arren, geure eskuetan ditugun koadernoei dagokienez, berrikuntza pedagogiko-didaktikoa euskarazko hezkuntza euskaltzaleari lotuta etorri zela agerian geratzen da, eta Zipitriatik Orereta ikastolara jauzi nabarmena dago, nahiz azken biak genealogia berberaren parte izan. 3)Koadernoak eta jakintzak: garrantzia ematen zaien jakintzetan alde azpimarragarria dago hiru eskola-kulturen artean, baita ikastetxe bakoitzeko koaderno motetan ere.

Univertsitatea edo erakundea: 
Euskal Herriko Unibertsitatea eta UPV/EHUko Hezkuntzaren Museoa
Ikerkuntza taldea: 
IKASGARAIA
Autorea: 
Peio Manterola-Pavo
Emaila: 
peio.manterola@ehu.eus