EU · EN

Eskolako laburpen-testuak biltzeko baliabideak eta euskarazko laburpenen corpusa

Eskolako laburpen-testuak biltzeko baliabideak eta euskarazko laburpenen corpusa

Tesi-lanetan egiten diren datu-bilketak eta datu horiek aztertzeko sortzen diren tresnak sakabanatuta egoten dira unibertsitateetako biltegietan. Dispertsio horrek oztopatu egiten du datu horien edo tresnen berrerabilpena. CLARIAH-EUS bezalako ikerketa-azpiegitura digitalen helburuetako bat da tesietan egindako datuak erraz bilatzeko tresnak sortzea eta beste ikertzaileentzat ikusgarri eta berrerabilgarri jartzea. Esaterako, CLARIN-ERIC azpiegiturak, Virtual Language Observatory (VLO) tresnarekin, biltegi ezberdinetan dauden datuak eta tresnak bilatzeko modua ematen du. Lan honetan, Unai Atutxaren tesian (Atutxa 2022) lortutako eskolako laburpen-testuen datuak EuDatera igo ditugu eta, ondoren, CLARINen VLOn eskuragarri jarri ditugu, beste ikertzaileek erabil ditzaten, CC BY-NC 4.0 lizentziapean. Bestalde, laburpenak lortzeko tresnak eta laburpenak eskolan lantzeko ebaluazio-metodoak proposatu ditugu. 

Eskolan, Vigotskik (1978) proposatzen duen garapen potentzialera laguntzeko ikaslea, oso lagungarria da irakaslearentzat ikasketa-maila bakoitzean lortu beharreko trebeziak ondo jasota izatea. Bada, Oinarrizko Hezkuntza Curricilumean (77/2023 DEKRETUA) eta Batxilergokoan (76/2023 DEKRETUA), hutsunea nabarmena da laburpenari dagokionez, ez baita laburpenaren eta curriculumeko oinarrizko jakintzen zein helburuen arteko lotura espliziturik egiten; ondorioz, ikasketa-maila bakoitzean izan beharreko laburpen-gaitasuna zehaztu gabe dago. Beraz, funtsezkoa deritzogu ikasketa-maila guztietako ikasleen laburpenak batu eta aztertzeari, eta lan honen helburu nagusiak hori lortzera bideratu ditugu: i) ikasketa-maila ezberdinetako ikasleek eginiko eskolako laburpen-testuen corpusa euskaraz jasotzea eta ii) corpusa biltzeko erabilitako baliabideak erabilgarri jartzea eta aurkeztea.

Metodoari dagokionez, lehenik, Lehen Hezkuntzako (LH) 5. eta 6. mailako ikasleek eskolan erabiltzen dituzten 13 testu aukeratu dira; ondoren, testu horien gainean LH 5. mailako ikasleek eta etorkizunean irakasle izango diren unibertsitateko ikasleek egindako laburpenak bildu ditugu. Laburpenak biltzeko, baliabide hauek erabili ditugu:

  • Compress-eus (Atutxa et al., 2017): laburpenak jasotzeko tresna. Ikasleak estrakzio-laburpena egiten du, laburtu beharreko testuaren testu-zati garrantzitsuenak aukeratuz. Ondoren, estrakziotik abiatuta, abstrakzio-laburpena egiten du, testua berreginez. Horrela, ikasleak egindako estrakzio- eta abstrakzio-laburpenak bildu dira. Hemen proba daiteke: https://ixa2.si.ehu.eus/compress-eus/ 
  • Hierarkiaren atzeraelikadura automatikoa: estrakzioan aukeratutako testu-zatiei buruzko informazioa ematen die automatikoki ikasleei, abstrakzioa egitean kontuan hartzeko. Jarraian,  atzeraelikadura emateko bi modu dituzue ikusgai, laburtu diren testuetara egokituta:
  • Laburpena lantzeko tailerra: laburpenak burutzeko webgune bat da; ikasleak, eman beharreko urrats guztietan, behar duen materiala du. Urratsak: i) ikasle bakoitzak laburpena egin behar du Compress-eus erabilita, ii) laburpenak egin eta ebaluatzeko irizpideak landuko dituzte irakaslearekin, iii) laburpena errepikatuko dute, orain duten jakintza eta GOM metodoan oinarritutako galderak erantzunez, iv) nola aritu diren ikusiko dute, GOM metodoan oinarritutako atzeraelikadura automatikoarekin eta v) ikaskideen laburpenak ebaluatuko dituzte. 

Emaitzei dagokienez, unibertsitateko eta LHko ikasleen 1654 laburpen-testurekin osatutako corpusa eratu dugu euskaraz, TXT formatuan.  Corpus hau EuDatera igo dugu beste ikertzaileek erabil dezaten; CLARIN komunitatean eta CC BY-NC 4.0  lizentzipean erabil daiteke. Etorkizunera begira, ezinbestekotzat jotzen dugu corpusa handitzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen laburpenak bilduz, adibidez.

 

Univertsitatea edo erakundea: 
Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)
Ikerkuntza taldea: 
Ixa taldea, HiTZ Zentrua
Autorea: 
Unai Atutxa-Barrenetxea; Mikel Iruskieta; Olatz Ansa
Emaila: 
unai.atutxa@ehu.eus