Paisaia eta ondarea aztertzeko euskarazko azpiegitura baten beharraz
Proposamen hau sinatzen dugunok denbora luze daramagu ondarea bere osotasunean aztertzen, bai eraikin soil bat izan zein bere ingurunerik zabalena. Ikerketa jarduera irakaskuntzarekin tartekatu dugu gainera, eta biak ala biak euskaraz aurrera eramateko zailtasunak eguneroko ogia izan dira. Tamalez, egun berdin antzera jarraitzen dugula esan beharrean gaude. Harreman pertsonaletatik harago, zaila izaten da ikerketa bat euskaraz abiatzea eta ia ezinezkoa hura helmugaratzea. Honen inguruan aritu izan ginen besteak beste iaz Eibarren, UEUk sustatu zituen Euskal Historialari Euskaldunen VI. topaketetan. Izan ere, auzi jakin honen gaineko hausnarketa propio bat ere plazaratu izan dugu aurki (Belaustegi, Escribano-Ruiz, 2022). Unibertsitatean irakaskuntza eskaraz gutxienezko berme linguistikoekin eskaintzea helburu izanda, beharrizan hauek argiago ikusi eta ozenago entzuten dira. Aldiz, azken alor honetan bai antzeman daitezkeela aurrerapausoak, beti ere erakundeen politika linguistikoen eskutik. Baliabide digital berriak daude eskuragai, eta hauek bai euskaraz zein gaztelaniaz erabiltzeko aukera dago.
Hortaz, gure ekarpenaren oinarrizko helburua egungo egoeraren diagnosi bat egitea baino, egun ondarea aztertzeko erabilgarriak diren euskarazko baliabideen oinarrizko katalogo bat osatzea litzateke. Berorren irakurketa kritikoak, etorkizunari begira egituratu beharko liratekeen estrategia eta gidalerroen gogoetari bide emango lioke. Metodoaren ikuspuntutik, abiapuntua guztiz enpirikoa litzateke, gure esperientziatik eratortzen diren arazo eta baliabideen bilduma bat egin eta beroriek etorkizunari buruzko eztabaidan txertatu. Ariketa honen emaitza paisaia historikoen eta ondarearen arloan egun dauden euskarazko baliabide eta beharrizanen azterketa litzateke.
Erreferentzia bibliografikoak
BELAUSTEGI Unai, ESCRIBANO-RUIZ, Sergio (2022): Euskararen egoera akademian (2001-2021): Historialari euskaldunen topaketen harira egindako gogoeta, Kondaira 19, 1-6 orr. http://www.kondaira.eus/article/view/501