Egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzen erabilera corpus informaletan: ezagutu aditzaren kasua
Euskaraz, egitura bihurkari eta elkarkari kanonikoak egitura iragankorrak dira: predikatu iragankor bat dute –hala
nola ikusi– eta bere burua (1a) edo elkar (1b) bezalako anafora bihurkari eta elkarkariaren bidez sortzen dira,
hurrenez hurren (Rebuschi, 1988, 1992; Salaburu, 1986; Artiagoitia, 2003). Egitura horietan, *edun aditz
laguntzaile iragankorra hautatzen da.
(1)
a. Jonek bere burua ispiluan ikusi du. (Etxepare, 2003: 380)
b. Mirenek eta Anek elkar ikusi dute. (Bilbao, 2022: 344)
Alabaina, euskaraz badira bihurkari (2a) eta elkarkari (2b) iragangaitzak ere, hots, anaforarik gabeak eta izan aditz
laguntzaile iragangaitza hautatzen dutenak. Esaterako, ikusi aditzarekin anaforadun egiturak izan arren
kanonikoak euskaraz, aditz berbera egitura iragangaitzetan ager daiteke:
(2)
a. Jon ispiluan ikusi da. (Etxepare, 2003: 380)
b. Miren eta Ane ikusi dira. (Bilbao, 2022: 344)
Gainera, batzuetan egitura elkarkari iragangaitzak ageriko anafora elkarkariarekin ager daitezke (3). Egitura horiei
elkarkari misto deitu zaie (Bilbao, 2022):
(3)
Miren eta Ane elkar ikusi dira. (Bilbao, 2022: 350)
(2) eta (3)ko adibideak ez dira forma estandarrak euskaraz eta ez daude, beraz, euskara baturako jasoak
(Euskaltzaindia 1991). Hala ere, noizbehinka entzun eta irakur daitezke, bereziki erregistro informalean (Bilbao
eta beste, 2022, 2024; Bilbao, 2023).
Lan honen helburua da ezagutu aditzak egitura bihurkari eta elkarkari iragangaitzetan duten erabilera enpirikoki
aztertzea corpus azterketaren bidez. Corpusa 2019-2021 bitarteko euskarazko 2.466.369 txiok osatzen dute:
Basque Twitter Corpus extracted during Covid-19 pandemic (Fernández de Landa eta beste, 2024). Sare sozialek
hizkera informalaren lekukotasuna ematen dutenez, corpus hori aproposa da aztergai ditugun egitura ez-
estandarren erabilera aztertzeko. Dena den, lan honetan aurkeztutako bilaketak corpusaren lehenengo zatian soilik
egin dira, hots, itxialdia baino lehenagoko txioetan (2020/01/01–2020/03/14 bitartekoak). Corpusean bilaketak
egiteko eta adibideak erauzteko AntConc programa (Laurence, 2024) erabili dugu.
Emaitzei dagokienez, “ezagutu” bilaketak 2486 agerraldi izan ditu eta horietatik 35 izan dira egitura bihurkari edo
elkarkariak. Horietatik gehienak bihurkari eta elkarkari iragankorrak izan dira: zehazki, 31 elkarkari –(4)
esaterako– eta bi bihurkari –hala nola (5)– jaso ditugu.
(4) Donostian ere Mintzaneteko kideok elkar ezagutu dugu!
(5) Berak bere burue ezagutu aben behintzet eta horrekin konformetan naz.
Aldiz, 35 agerraldi horietatik bi ez dira egitura iragankorrak izan, elkarkari mistoak (6) baizik. Horietan, ezagutu
aditza egitura iragangaitz batean –laguntzaile iragangaitzarekin– agertzen da, elkar anafora elkarkaria agerian
dagoen arren:
(6)
a. Jolastuz eta ondo pasatuz hobeto ikasten delako, elkar ezagutu gaitezen.
b. Bikoteak elkar ezagutu dira jokoen bitartez.
Hortaz, arakatutako corpusean egitura bihurkari eta elkarkari kanonikoak, hots, anaforadun egitura iragankorrak
dira nagusi ezagutu aditzarekin. Corpus honetan ez da anaforarik gabeko bihurkari eta elkarkari iragangaitzik (2)
aurkitu, baina bai elkarkari mistoen bi agerraldi (6).
Hala, lan honek erakusten du corpus azterketa metodo erabilgarria dela egitura bihurkari eta elkarkari estandarrek
–(4) eta (5)– eta ez-estandarrek (6) duten erabilera enpirikoki erkatzeko. Bereziki, Twitter bezalako sare sozialetan
oinarritutako corpusek aukera ematen dute bihurkari eta elkarkari ez-estandarretan ager daitezkeen aditzen
erabilera behatzeko eta adibideak erauzteko. Aurrera begira, gure asmoa adierazpen erregularrekin bilaketa
sofistikatuagoak egitea eta aditz gehiago aztertu ahal izatea da. Horren ostean, aditz mota bakoitza zein motatako
egituretan agertzen den arakatu eta maiztasunaren berri emango genuke.