Nola arakatu teknologiaren bidez eskuz idatzitako transkripzioen ezaugarriak, zailtasunak eta esku-hartzeak? Jarioa, lexikoa eta ortografiarako zenbait gako
Eskuz idatzitako testuen idazketa-prozesuan, Handspy sistemari (Monteiro & Leal, 2012) esker, aztertu dira idazte-denboran egiten diren pausak eta etenik gabe sortzen diren hitz-segmentuak. Analhitza tresnarekin (Otegi et al., 2017), berriz, testu horien informazio linguistikoa analizatu da. Bestalde, esku-hartzeak proposatzeko baliatu dira hizkuntza-teknologiaren garapenak ekarri dituen aukerak, bai testuak analizatzeko, bai corpusak sortzeko. Hori horrela, zenbait ikerketetan erakutsi da eskuz idazteko jarioan edota ortografian arazoak dituzten haurrek pausa ugari (Alamargot, Morin, eta Simard-Dupuis, 2020; Prunty eta Barnett, 2020) eta besteek baino luzeagoak egiten dituztela (Prunty, Barnett, Wilmut eta Plumb, 2013), pausen artean hitz gutxiago idazten dutela (Connelly, Dockrell, Walter eta Critten, 2013) eta aniztasun lexikal gutxiagoko testuak sortzen dituztela (Dockrell, Connelly & Arfé, 2019). Gainera, eremu morfosintaktikoa hizkuntza-nahasteak edota gaitasun baxuak detektatzeko eta esku-hartzeko oso aberatsa dela frogatu da nazioartean. Lan honen helburua da eskuz gutxi eta geldiro idazten duten 7 urtetik 8 urtera bitarteko 5 ikasleren eskuzko testu produkzioa aztertzea 10 testutan. Euren gelako kideak konparatuz, letra-kopuru baxuena izan dute eskuzko transkripzioan (alfabetoa buruz minutu batez 4,6 letra irakurgarri/minutuko; erreferentziazko gelak 11,8 eta hitz batzuk kopiatzea minutu batez 11 letra irakurgarri/minutuko; erreferentziazko gelak 14,1). Testuak sortarazteko bi irudi erabili dira eta idazkailu digitalen bidez idatzi dute. Idatzi dituzten testuak HandSpy eta Analhitza bidez aztertu dira eta emaitzei dagokionez, ondokoa jakin da: a) Lemarik gabeko hitz-segmentu asko eta iraupen luzeko pausak egiten dituzten umeek zailtasun gehiago dute testuak idazteko orduan, b) pausen erdia aditzekin lotuta dago; c) izenak eta aditzak izan dira kategoria gramatikal erabilienak eta d) akats ortografikorik ohikoenak hauek izan dira: batetik, letra errepikapenak eta, bestetik, zenbait letra ez idaztea; gainera, hitzen gainsegmentazioa morfemen aukeraketarekin lotua egon da. Azkenik, aurkikuntza horiek bidea ireki dute esku-hartze proposamenak egiteko, hots, hitzak zein esaldiak aurkezteko. Horrela, hitz-zerrendak eta esaldiak prestatu dira Txikipediako corpusaren bertsio bat erabiliz (ikus http://ixa2.si.ehu.eus/clarink): pausa luzeak, errepikatu diren letrak, falta diren letrak, gaizki segmentatu diren izen eta aditzak eta arazo morfosintaktikoa izan dituztenak identifikatu dira ume bakoitzean.