EU · EN

Koldo Mitxelenaren zitazio-graforantz

Koldo Mitxelena (1915-1987) Errenteriako euskalariaren lan idatziaren inguruan burutzen ari garen proiektua aurkezten dugu poster honekin. Koldo Mitxelenaren lanen argitalpen-metadatuak, alde batetik, eta lan horiek aipatzen dituzten idazlanen multzo baten metadatuak, bestalde, LOD formatu batean jaso ditugu, eta Mitxelenaren lanetara doazen zitazio-erlazioak gehitu, horrela Koldo Mitxelenaren zitazio-sarearen errepresentazio digitalerantz urrats batzuk emanez.

Koldo Mitxelenaren bibliografia oparoa aski sakabanatuta zegoela esan daiteke: 1664 argitalpen zenbatu dugu, hainbat aldizkaritan eta liburutan agertzen direnak, horien artean gehien-gehienak behin edo behin baino gehiagotan birrargitaratu izan direlarik. 2011. urtean Mitxelenaren Obras Completas (OOCC) agertu arte, 745 testu garrantzitsuenak bateratzen dituen bilduma, ez zegoen Mitxelenaren lana batera ikusteko iturririk. Gure ekimenez, OOCC-ko testuak bakoitzaren aurreko argitaraldiekin loturik geratzen dira (ikus bisualizazioa 1 irudian).1 Bestalde, 2011 baino lehenagokoek nahiz OOCC-ko argitalpenek ez dute makinak interpreta daitekeen identifikatzailerik (DOI, handle edo antzekorik). Horrek aipamenen identifikazio eta kudeaketa automatizatua zailagoa egiten du. Honi gehitu behar zaio aipamenen erredakzioan formatuen arau eta estilo aniztasuna, makinarentzako ulergaitzak direnak sarritan. Erregistroen identifikazioak eskuzko lan handia eskatzen du gaur egun. Datu-bolumen handiak lantzeko sistema automatikoa erabiltzeak etengabeko eguneratze eta zuzenketa beharko du.

Gure proiektuan, Koldo Mitxelenaren idazlanen argitaraldi bakoitzari identifikatzailea esleitu diogu lehenengo urrats gisa. Wikibase instantzia bat erabili dugu horretarako: Idazlan bakoitzaren argitalpen-metadatuak Wikibase-ko entitate bati lotu dizkiogu.2 Bigarrenik, lan haietako bat aipatzen duten artikuluak bildu eta datu-base berean errepresentatu ditugu modu berean, hau da, argitalpen-metadatuak dokumentua bera identifikatzen duen entitateari lotu dizkiogu. Hirugarrenik, zitazio-erlazioak errepresentatu ditugu, aipatzen duen artikuluaren metadatuei Koldo Mitxelenaren lanera doan erlazio bat gehituz. Bi iturrietako artikuluak hartu ditugu aintzat urrats honetan: ASJU aldizkaria eta UZTARO aldizkaria. Denera, 770 aipu-erlazio zehaztu dugu, 750 aipu-erlazio ASJU aldizkariko 175 artikulutik, eta 82 aipu-erlazio UZTARO aldizkariko 37 artikuluetatik.

Zitazio-erlazioak aipatutako argitalpenarekin lotu ditugu. Bestalde argitalpen bakoitza OOCC-ko itemei lotu diogunez, Mitxelenaren testu bakoitzak dituen aipu-erlazioak batzeko moduan gaude, 2 irudiak3 erakusten duen bezala. Horrela sortutako datu-multzoan zeharkako galdeketak posible ditugu orain, adibidez, Mitxelenaren lanen ibilbideak haien artean konparatzeko galdeketak, lan horiek aipatzen dituzten ikertzaileak eta aipatutakoaren nahiz aipatzen duen lanaren argitalpen datak aintzat hartuz.

Azkenik, Koldo Mitxelenaren lanen aipamena dituzten artikuluen metadatuak eta OOCC-ko lanen erreferentzien metadatuak Wikidatan gehitu ditugu, bi multzo hauen arteko zitazio-erlazioa barne (hau da, aipu guztiak OOCC-ko argitaraldietara “birbidalita”.4 Scholia, datuen kudeaketa bisualerako tresna, Wikidatako datuekin elikatzen da eta bibliometriako azterketa oinarrizkoak eskaintzen ditu. Horrela, gure egitasmoaren emaitza orokor batzuk erakuts ditzakegu.5

 

 

Univertsitatea edo erakundea: 
EHU
Ikerkuntza taldea: 
DLTB
Autorea: 
David Lindemann, Marije Bidaguren, Aitzol Astigarraga
Emaila: 
david.lindemann@ehu.eus